Burdinmendi Bide Berdearen I. Txakurkrosa

2018ko azaroaren 4an, La Aceñan, Galdamesen

Artzentales, Sopuerta, Galdames, Abanto Zierbena eta Muskizko Udalen babesarekin, Enkarterrialdek eta Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioak (BNKF) Burdinmendi Bide Berdearen lehenengo Txakurkrosa antolatu dute, zure txakurra lagun hartuta korri egiteko kirol-proba. Proba horrek naturaz eta atletismoaz aldi berean gozatzeko aukera ematen du, eta ibilbidearen parte bat Burdinmendi Bide Berdearen eta Galdamesko baso-pista ezberdinetatik igaroko da.

Burdinmendi Bide Berdearen I. Txakurkrosa azaroaren 4an egingo da. Ekintza erakargarri horren bitartez, Burdinmendi Bide Berdea, mendizaletasuna eta aisialdi aktiboa praktikatzeko hobeezina den aisialdirako azpiegitura osasungarria, ezagutzera eman nahi da. Probak 7,5 km-ko ibilbidea, 250 metroko malda eta gehienez ere 369 metroko garaiera izango ditu.

Ekimenak Burdinmendi Bide Berdearen balioa azpimarratzen du, eta, horretaz gainera, hedapena ematen dio probintzia osoan, ez soilik Bide Berdeak zeharkatzen dituen udalerrietako ohiko erabiltzaileen artean. 2017an, Artzentales, Sopuerta, Galdames, Abanto Zierbena eta Muskizko Udalek lankidetzarako hitzarmen bat sinatu zuten Enkarterrialderekin, Burdinmendi Bide Berdeen inguruan ekintzak sustatzeko, udalerri guztiek partekatzen duten funtsezko baliabide bat delako.  Baliabide horrez baliatzea izan zen akordioaren xedea, aberastasunaren eta enpleguaren sortzailea izan zedin, eta horretan dihardute gaur egun ere.

Gainera, ekintza horrek beste era batera erakartzen ditu bisitariak, Enkarterrietako eskualdeak naturarekin harremanetan kirola egiteko baldintza paregabeak dituela erakutsiz.

Aurrekoetan ere, kirolarekin lotutako jardueren alde apustu egiteak eragin handia izan du eskualdean. Azkeneko 8 hilabeteetan 120.000 pertsonek baino gehiagok bisitatu dute Burdinmendi Bide Berdea, 400 batek oinez eta ehun batek bizikletaz. Kontuan izanda uztaila izan zela hilabeterik jendetsuena, 20.456 bisitarirekin, erabaki da La Aceñako geltoki zaharraren eraikina irekitzea, Galdamesen. Instalazio horietan meatze-erakusketa txiki bat dago, eta informazio-gune gisa erabiliko da asteburuetan eta udako jaiegunetan.

Zabaltzen ari den aisialdi-jarduera aktibo eta osasungarri horietako bat txakurkrosa da, eta, lehen aldiz, Burdinmendi Bide Berdea izango da horrelako proba baten eszenatokia.

Proba horretarako txakurrak behar dira nahitaez, eta haien ongizatea bermatzeko xehetasunik txikienari ere arreta ematen zaio. Gainera, albaitariak azterketa bat egiten die proba hasi aurretik. Araudiak jasotzen duen beste xehetasun bat korrikalariak txakurrari lotuta eramango duen arnesaren modeloa da, hainbat baldintza hartzen baitira kontuan batak zein besteak kalterik ez jasateko.

Probaren antolakuntzak, Enkarterrialdek eta Neguko Kiroletako Bizkaiko Federazioak, izen-ematea 100 parte-hartzailera mugatu du, eta proba baino lau egun lehenago egin daiteke beranduenez, emaila bidalita info@fvdi.org helbidera, 944 411063 telefono-zenbakira deituta, edo Bizkaiko Federazioaren bulegoetara bertaratuta: Martin Barua Picaza, 27 – 3º. (Irailean zabalduko dira)

Aurten, maskota lagun izanda egingo da kirola. Azaroaren 4an izango da Burdimnendi eta Galdamesko baso-pista ezberdinak eszenatokitzat hartuko dituen Burdinmendi Bide Berdearen I. Txakurkrosa. Proba horretan lortzen diren puntuek Bizkaiko V. txapelketarako balioko dute.

Izen-emateak.

Izena emateko epea 2018ko irailean hasiko da. Parte hartu nahi duenak izena eman beharko du NKBFra emaila bidalita (info@fvdi.org) edo 94 441 10 63 telefono-zenbakira deituta. Izen-ematearen kuota 10 €-koa da federatuentzat, eta 14 €-koa ez-federatuentzat. Izena emateko epea proba baino 4 egun lehenago amaituko da, 2018ko urriaren 31n, 13:00etan.

FVDI – RFEDI  arautegiek (Neguko Kiroletako Euskal Federazioa- Real Federación Española Deportes de Invierno) erregulatuko dute proba. Arautegi horretan jasotzen ez diren auziak Lehiaketaren Epaimahaiak ebatziko ditu.

Ordutegiak.

Kirol-probaren egunean proba hasi baino ordu eta erdi lehenago bertaratzea gomendatzen da, ordutegi hau jarraitzeko:

-8.30 Albaitariaren kontrola eta zenbaki-banaketa

-9.45 Informazio-bilera

-10.00 Txakurkrosaren irteera

-12.00 Sari-banaketa

-12.30 Agility erakusketa (Amarok Club canino)

La Aceñako geltoki zaharraren eraikinean, xakurrentzako eta pertsonentzako anoa-postua, komunak eta ur-hargunea mahukarekin egongo dira. Dutxa-zerbitzua 4 kilometrora jarriko da, La Aceña auzoko kiroldegian.

Albaitariaren kontrola.

Muskizko Las Acacias albaitaritza-klinikako albaitariak egingo ditu kontrolak. Nahitaezko txertoak, txipa eta txakurraren egoera orokorra egiaztatuko dira. Korrikalariak txakurraren txertaketa-txartela edo pasaportea aurkeztu behar du, eguneratuta eta albaitari kolegiatu batek sinatuta eta zigilatuta, eta baita derrigorrezko mikrotxipa ezarrita dueneko ziurtagiria ere. Parte hartzen duten txakurrek gutxienez urtebete eduki behar dute lasterketaren aurretik, eta txerto hauek nahitaezkoak dira: amorruaren aurkakoa, balio anitzekoa, eta txakurtegietako eztularena.

Kategoriak.

Junior, emakumezkoak eta gizonezkoak: 2000 – 2004

Senior, emakumezkoak eta gizonezkoak: 1979 – 1999

Master, emakumezkoak eta gizonezkoak: 1919 – 1978

Sariak eta garaikurrak probaren amaieran banatuko dira, ordena honetan:

Bizkaiko txapelketa: Junior, Senior eta Master kategorietako lehenengo 3 sailkatuak.

Open: Senior eta Master kategorietako lehenengo 3 sailkatuak.

Herri-proba: Senior eta Master kategorietako lehenengo 3 sailkatuak.