ENKARTERRIKO HORNIDURA HOBETZEKO LANEN ERAGINEZ, “LA GALDAMESA” BIDE BERDEAREN ZATI BAT (MUSKIZ ETA GALDAMES ARTEAN) ITXI BEHAR IZAN DA

·Uraren hoditeria meatzaldeko antzinako trenbidearen trazatutik joango da, ingurumen eragina txikiagoa izan dadin; ondorioz, urtarrilaren 25etik aurrera, bidearen zenbait kilometro itxi beharko dira, Santelices eta La Aceñako industrialdearen artean.  Obrak amaitu ostean, bidea hasierako moduan geratuko da.

 

BILBO, 2016ko urtarrilaren 13a.- Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Enkarterriko mendebaldean dauden udalerrietan (Sopuerta eta Galdames, eta, aurrerago, Artzentales eta Turtzioz) hornidura-bermea indartzeko proiektuaren lehenengo fasea abiarazi zuen joan den apirilean. Lanek ia 12 milioi euroko inbertsioa ekarriko dute, eta aurreikusitako moduan gauzatzen ari dira. Hori dela-eta, URTARRILAREN 25etik aurrera, aldi baterako itxi beharko da “La Galdamesa” bide berdeko 6 kilometroko zati bat, Santelices (Muskiz) eta La Aceñako (Galdames) industrialdeen artean.

Gainera, Ur Partzuergoak aurreikusitako azpiegitura berriak beste elementu osagarri batzuk ere baditu; hain zuzen ere, 800 milimetroko diametroko eta zazpi kilometroko lurpeko hodia Las Carreras (Abanto Zierbena) eta La Aceñako (Galdames) biltegien artean, bigarren mailako bi hornidura-adarrekin bat egingo duena Jarralta (Sopuerta) eta La Escarpadako (Galdames) biltegietaraino.

Hoditeriaren tarte nagusia lehengo “La Galdamesa” meatze-trenbidearen lubakitik joango da ia osorik, ingurumen eragina txikiagoa izan dadin. Aztertutako hiru irtenbideen artean, Ur Partzuergoak hau aukeratu du; izan ere, alternatiba horrek minimizatu egiten ditu Barbadun ibaiari lotutako espazio naturalen eta lehentasunezko habitaten gaineko eraginak, inguruaren balio historikoa ahaztu gabe; izan ere, bertan, Bizkaiko lehengo meatzaritza-jardueraren hondarrak daude oraindik.

Hornidura azpiegitura berri honen lanek “Burdinmendi: Itsarlur” izeneko bide berdean hainbat murriztapen egin behar izatea ekarri dute azken hilabeteotan; Sopuerta, Galdames, Muskiz eta Abanto Zierbena udalerrietako hainbat tokitan, aldi baterako eraginak izan dira.

Modu horretan, URTARRILAREN 25etik aurrera, hamaika hilabetez, bide berdearen zati nagusia itxiko da, Santelices (Muskiz) eta La Aceñako (Galdames) industrialdearen artean, kasu orotan, erabiltzaileen (oinezkoak, txirrindulariak eta zaldidunak) segurtasuna bermatzeko. Dena dela, Galdamesko azken kilometroak, El Cerco auzoaren eta La Aceñaren artean, lehenago irekiko dira: aurreikuspenen arabera, apirilaren amaierarako. Behin lanak amaituta, trazatua guztiz konponduta geratuko da, eta plataformaren eta ingurune naturalaren gaur egungo egoera ere hobetuko da.

Bestalde, gaur egun, ibilbideko bi zati daude itxita: Cotorrio (Abanto Zierbena) eta Santelices (Muskiz) arteko tartea eta El Arenao eta Castaños (Sopuerta) auzoen arteko tartea. Lehenengoa martxoaren 1ean irekiko da, eta, hilabete geroago, aurreikuspenen arabera, Sopuertako tartearen zati bat irekiko da. 

Ur Partzuergoak informazio-kartelak jarri ditu ibilbideko hainbat puntutan, eragindako udalerri guztietan, eta informazioa gaurkotzen joango da. Erakundearen webgunearen (www.consorciodeaguas.com) barruan, microsite bat sortu da, erabiltzaileek eta auzokoek lanen unean-uneko egoeraren eta epe ertainera aurreikusitako eraginen berri izan dezaten. Bezeroaren arretarako telefono bat (94 487 31 87) ere badago, edozeinen eskura, eta udaletxeetan ere proiektuaren inguruko informazioa jaso ahal izango dute.

 

AURREKARIAK

Oraingo hornidura-sistema optimizatzeko, eta gorantz doan hirigintza-garapenak dituen beharrizan berrietara egokitzeko eta funtzionamendua hobetzeko konpromisoa betez, Ur Partzuergoak zenbait azterketa eta proiektu egin ditu azken lau urteetan Enkarterrin. Era horretan, urrats egokiak egin dira lehen mailako sarean ura hornitzeko sare berria eraikitzeko. Izan ere, obra hori da Ur Partzuergoak datozen urteetarako onetsi duen programan dagoen hornidurako inbertsio nagusia.

Joan den apirilean hasi ziren obrek 2017. urtera arte iraungo dute. I. fasekoak dira, eta Galdames eta Sopuerta udalerriak hornituko dituzte, Zadorrako sistemako ura hartuta. Hornidura egiteko, 800 milimetroko diametroko hoditeria eraikiko da Abanto Zierbenako Las Carrerasko biltegiaren eta Sopuertako Arenao auzoaren artean, bai eta bi adar ere, Galdames eta Sopuerta hornitzeko, 200-300 milimetrokoak biak.

Bestetik, II. faseko obrei esker, Zadorrako sistema Ordunteko sistemarekin lotuko da, eta, horrenbestez, Bilbo Handia hornitzeko eraztuna itxi ahal izango da. Bi sistemak lotzeko, 600-800 milimetroko diametroko hodi bat eraikiko da Arenao auzoaren eta Zallako Sollano auzoko edateko uren tratamendutegiaren artean. Obren bigarren fasea 2017tik aurrera egingo da, eta, hari esker, hoditeria alderantzizko norabidean erabili ahal izango da, eta, hala behar izanez gero, Bilbo Handia hornitu ahal izango da Ordunteko sistematik hartutako urarekin.

Era berean, jarduera horiek osatzeko, obra berri batzuk egingo dira, besteak beste, Jarraltako biltegia handituko da (egiten ari da); bertatik, adar nagusiak hornitutako tokietatik gaur dauden araztegietako biltegietara bideratuko da ura.

Gaur egun, Enkarterriko udalerriek hartzen dute beren gain udalerria hornitzeko zerbitzua; udal bakoitza arduratzen da iturburu eta ura tratatzeko tamaina txikiko plantak kudeatzeaz. Horrek hainbat arazo sortzen ditu, hornidura erabat bermatuko duen kalitatezko zerbitzua eskaini ahal izateko. Hain zuzen, horiek dira Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak kide diren udalerrietan dituen lehentasunezko alderdiak.

Ur Partzuergoak proiektatutako jardueren bidez, helburu bikoitza lortuko da. Alde batetik, kalitatezko hornidura bermatuko zaie udalerriei, gehienbat, Sopuerta, Galdames, Artzentales, Turtzioz eta Zallari; eta, bestetik, salbuespeneko egoeretan hornidura bermatu ahal izango da, Enkarterritik Ezkerraldera joango den alderantzizko norabideko hodia abian jarrita.

 

BIDE BERDEAN AURREIKUSITAKO MOZKETEN XEHETASUNA (ikus erantsitako planoa)

  • Cotorrio (Abanto Zierbena) – Santelices (Muskiz) tartea

Itxita gaur egun. Irekitzeko data: 2016ko martxoaren 1a.

  • El Arenao (Sopuerta) – Castaños (Sopuerta) tartea

Itxita gaur egun. Zati bat irekitzeko data: 2016ko apirilaren 1a.

  • Santelices (Muskiz) – El Cerco (Galdames) tartea

Itxita, 2016ko urtarrilaren 25etik abenduaren 30era.

  • El Cerco (Galdames) – La Aceña industrialdea (Galdames) tartea

Itxita, 2016ko urtarrilaren 25etik apirilaren 29ra.